2016(e)ko otsailaren 12(a), ostirala

Joaldunak



Nafarroako inauterietako pertsonaia interesgarrienetakoak baitira ekarri ditugu blog honetara gure JOALDUNAK. Hemen haien inguruko informazio anitz aurkituko duzu, bai horixe!
Animatzen al zara? 


Folklore arloan, Iturengoak dira Nafarroako inauterietan zaharrenetakoak. Pertsonaiarik ezagunena joalduna da ("joare" zintzarri eta -dun atzizkia, hots, zintzarriak daramatzana). Iturenen eta Zubietan (batetik bestera hiru kilometroko bidea dago) dute jatorria joaldunek, baina herri bakoitzean diferente jotzen dira joareak eta diferente janzten dira pertsonaiak. Azkenaldi honetan Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere sortu dira joaldunak.
Iturengoen jantzia honelakoa da:

  • Ttuntturroa edo txano konikoa, alturan metro erdia dena, zinta koloredunak dituena eta goi-goian lumak.
  • Zapi gorrixka lepoan.
  • Ardi larruz estalitako atorra, txaleko bat eginez.
  • Gerrikoa. Han finkatzen dira, baita gorde ere, joareak lotzeko sokak.
  • Belaun azpiraino ailegatzen den azpiko gona zuria, galtzen gainean.
  • Kobrezko bi joare handi (bakoitzak 10 bat litro hartzen dituena) gerritik zintzilik eta beste bi txiki apaingarri, bizkarretik.
  • Isipua, zaldi buztaneko ilez egina, eskuin eskuan.
Zubietakoen jantzia ezberdina da: ator zuriaren gainean ez dute ardi larrurik, ezta bi zintzarri txiki ere. Lepoko zapia txikiagoa da eta karratu urdinekikoa. 
 
Ituren eta Zubietak elkarrekin ospatzen dituzte iƱauteriak. Urtarrilako azkeneko asteko astelehen eta asteartean, eguerdi aldean, bi herriko joaldunak beraien desfilean hasten dira, astelehenean Iturenen, eta asteartean Zubietan.


Astelehenean, Zubietako joaldunak Iturenerantz abiatzen dira. Aurtizko auzora iristean, eta auzo horretako joaldunekin elkartu ondoren, Latsagako auzo aldera joango dira, eta "Zubiburu" parajean dagoen zubi gainetik pasa ondoren, Iturengoekin elkartu. 40-50 joaldunek Iturengo herriari itzulia emanen diote gero, 80-100 zintzarriren soinupean. Itzulia herriko plazan bukatzen da.

Hurrengo egunean, asteartea, Iturengo joaldunak Zubietara etortzen dira, eta hemengoekin elkarturik, herriari itzulia ematen diote.

Joaldunak bi lerrotan desfilatzen dute, mugimendu ritmiko eta pausatuekin, zintzarrien doinu bateratua lortuz. Naturari estu lotutako errito baten itxura hartzen du desfileak. 
Lehenengo lerroan dagoen joaldunetako batek, adar bat jotzen du noizbehinka eta ohiu batzuk egin, horrela desfileari erritmoa jarriz.


Uste da, zintzarriekin lortzen den soinuarekin espiritu txarrak uxatzen direla eta inguruko lurretan lo dauden energiak iratzarri.

Ituren eta Zubieta 3 kilometroz banatuta daude, eta nahiz eta biak joaldunen sorterriak izan, aipatu bezala, bakoitzak bereizgarri ezberdinak ditu zintzarriak mugitzeko moduan eta jantzietan.

Ituren eta Zubietako joaldunei zanpantzar deitzeko joera berria da oso (60. hamarkadatik aurrerakoa) eta kanpotarrek jarritako izena da, gainera, Saint Pansard, Olentzero eta euskal folkloreko beste pertsonaien eta joaldunen artean antzekotasunen bat bilatu nahian. Zanpantzar izenak ez du tradiziorik ez Iturenen, ez Zubietan. Beren pertsonaiei horrela deitu diete bi herriek: joaldunak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina